XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gauza jakina da, izan ere, liturgiako eta kristau ikasbideko itzulpenak anonimoak direla, nabardura pertsonalik gabeak eta eliz-elkartearen ahogozoari begira eginak.

Euskarari dagokionaz, hizkuntzaren beraren egokitasuna izan ohi du taldeak lehen mailako bere kezka: egituraz euskara izan dadila bere joskeran, esaeratan, hiztegian, etabar.

Eta esaldi egoki askoren artean zabalena zein den jakiten saiatu izan da eta hura aukeratu ohi du, ahal delarik.

Jokabide honekin, batasun bide jakin bat landu nahi izan du Elizak.

Izan ere era askotakoak dira euskararen batasunari dagozkion arazoak: batzuk formari dagozkionak, aditz jokoak, hiztegia, deklinabidea, idazkera..., eta besteak bere egitura nagusiari dagozkionak.

Gure taldearen ardura nagusia hontan egon izan da, batez ere: herriaren bizitzan ondo errotua eta euskalki ezberdinetan gehiago hedatua dagoen euskaratik hasita egin nahi izan ditu batasunerako bideak.

Badakigu ez direla hor bukatzen euskararen batasunaren arazoak.

Eta hain zuzen, guzti hoietara eta arretaz zabalik egin nahi du Elizak, aurrera-eta kontzientzi argiagoa izaten saiatuz eta ahal den neurrian asmo hauek ekintzara eramaten ahaleginduz.

Mugak eta ahaleginak

Norbaitek pentsa dezake, ez dela garbi ikusten arreta hori, edo-ta berandu arte ez duela horrelako arretarik izan.

Ez dugu ahaztu behar, 1964etik datorren lanaren eraginak baduela inertzia bat berekin; geroztik eginak izan direla hizkuntzari buruzko azter lanak, eta geroztik finkatu direla batasun-biderako zehaztasunik gehienak; dogmakeria batean erortzeko arriskua ere bazegoela Elizaren aldetik, berez bere eginkizun ez den langintza batean; taldeak beti izan ohi dituela tirabirak; eta gure talde honek pixkanaka hartu duela arazo honen kontzientzia sakona, azkenik Gotzaiei planteamendu ofiziala eginik, beraien jabetasunezko erabakira iritxi arte.

Gainera, gauza era askotara begiratuta, garrantzi haundikotzat jotzen zuen taldeak, elizbarrutien arteko ezberdintasun ugariak ezaguturik, beren joera eta jokabideetan elkarrekin aurrera egitea, elkarren artean etenik edo eten berririk sortu gabe eta bakoitzak bere aldetik bere bidea hartu gabe.

Talde-lanak alde hontatik ere baditu bere mugak eta ezinak.